Elsa Neumann
| Elsa Neumann | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Berlin, 1872ko abuztuaren 23a |
| Herrialdea | |
| Bizilekua | Alemania |
| Heriotza | Berlin, 1902ko uztailaren 23a (29 urte) |
| Familia | |
| Haurrideak | ikusi
|
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Berlingo Humboldt Unibertsitatea |
| Hizkuntzak | alemana |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | fisikaria |
Elsa Neumann (Berlin, 1872ko abuztuaren 23a – Berlin, 1902ko uztailaren 23a) alemaniar fisikaria izan zen, 1899an Berlingo Humboldt Unibertsitatean doktoretza bat lortu zuen lehen emakumea. Hegazkingintzari buruzko ikerketan aitzindaria izan zen eta emakumeak zientziaren munduan sartzearen defendatzailea.
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere bi ahizpa eta lau anai-arreben artean, goi-mailako ikasketak egin zituen bakarra izan zen, nahiz eta emakumeei goi-mailako hezkuntzarako sarbidea ukatu. Bankari aberats baten alaba, 1890ean Lehrerinnenprüfung (irakasleen diploma) batekin graduatu zen, goi-mailako hezkuntza behar ez zuen gradu batekin. Eskola partikularrak hartu zituen hainbat irakaslerekin, ezagutza aurreratuak eta unibertsitate mailako ikasketetarako beharrezko trebetasunak eskuratzeko. 1894az geroztik, fisika, matematika, kimika eta filosofia ikasi zituen bederatzi seihilekotan, Berlin eta Gotingako Unibertsitateetan. Prusiako emakumeek unibertsitateko ikasketak egitea debekatuta zutenez, Neumannek irakasle bakoitzaren baimena lortu behar izan zuen bere eskoletara joateko. Emil Warburg eta Max Planck fisikako irakasleak ziren euren euskarri eraginkorrenetakoak. 1898an Hezkuntza Ministerioaren onespen berezia jaso zuen doktoretza gradua lortzeko. Urte horretan bertan, cum laude lortu zuen; graduazio ekitaldia 1899ko otsailaren 18an egin zen, emakumeak goi mailako ikasketetan ofizialki onartu baino bederatzi urte lehenago. Über die Polarisationskapazität umkehrbarer Elektroden ("Elektrodo itzulgarrien polarizazio-ahalmenean") bere lana Annalen der Physik aldizkari ospetsuan argitaratu zen 1899an. Gotingan ikasten ari zela, laborategiko istripu kimiko batetik bizirik atera zen, eta Otto Wallach (1847-1931) kimikako Nobel sariduna izango zenaren bizia salbatu zuen.[1]
Doktoregoa zuten emakumeentzako erakunde akademikoetan lan egiteko aukera urriak zirela eta, Neumannek laborategi kimiko pribatu batean lan egin zuen eta bere ikerketak Arthur Rosenheim (1865-1942) eta Richard Joseph Meyer-en (1865-1939) laborategietan egin zituen, Berlinen. Hegazkingintzari buruzko ikerketan aitzindaria izan zen, 1902an Zeppelin-eko hegaldi batean parte hartuz.[1]
1902ko uztailaren 23an hil zen, laborategian Azido zianhidrikorekin esperimentuak egiten ari zela gertatutako zorigaiztoko istripu baten ondorioz. Bere heriotza tragikoa Berlingo egunkari guztietan jaso zen, bere bizitzaz, bere patu tragikoaz eta bere hiletaz idatzi baitzuten.[1] Nazien jazarpenaren presiopean, 30eko hamarkadaren erdialdean, haren arrebak bere buruaz beste egin zuen eta lau anaiak sarraski-eremuetan hil ziren.[1]
Legatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elsa Neumann bere egoera paregabe eta pribilegiatuaz jabetu zen eta emakumeentzako goi hezkuntza defendatu zuen Prusian. Familia aberats batetik zetorren arren (edo agian horregatik), onartzen zuen emakumeek laguntza ekonomikoa behar zutela beren hezkuntzarako. 1900eko apirilaren 26an sortutako Verein zur Gewährung zinsfreier Darlehen un studierende Frauen elkartearen ("Emakume ikasleei intereseko mailegu libreak emateko elkartea") sortzailea izan zen eta lehenengo presidentea eta ohorezko kidea.
Neumann hil ondoren, bere amak Elsa-Neumann Preis Saria ezarri zuen, urtero otsailaren 18an Berlingo Unibertsitateko matematikako edo fisikako hitzaldi onenarentzat ematen zena, egilearen generoa edo erlijioa edozein izanda ere. 1906tik 1918ra bitarteko sariaren hamabi irabazleak, ordea, gizonezkoak izan ziren. Walther Bothe fisikari nuklearra izan zen Neumann Sariaren irabazle ezagunenetako bat. 1918tik aurrera, saria emateari utzi zitzaion, Lehen Mundu Gerraren ondorengo inflazioa zela eta.[1]
Aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1999an Berlingo Humboldt Unibertsitateak bere lehen emazte graduatua gogoratu zuen.[1]
- 1999an fisikari buruzko solasaldi berezia antolatu zen Humboldt Unibertsitatean, Elsa Neumannen omenez.[1]
- 2002an egin zen Elsa Neumannen bigarren solasaldia Humboldt Unibertsitatean.[1]
- 2010ean Berlingo Estatuak Elsa-Neumann Stipendium beka ezarri zuen bere izenean ikertzaile gazteak laguntzeko.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Elsa Neumannen lanak Alemaniako Liburutegi Nazionalaren katalogoan.
- Elsa-Neumann Stipendium ("Elsa Neumann beka") Berlingo Unibertsitatean.